Un barrio donde cabe el mundo / Munduari zabaltzen zaion auzoa

Luziaren mandarra

Gauza hauek horrela agertzen dira maiz. Ia nahi gabe, gainetik esanda, gainetik entzunda, hari fin bakar batetik, kulunkatzen, ezusteko berri txarra. “Luzia Goñi, Basaburuko bertsolari eta euskaltzalea, zendu da…” irratian entzun genuen.

Ordu batzuk lehenago Marco Marchionik utzi gintuen. Garaikideak izan ziren hemen auzoan mende honen hasieran eta, biok gogora ekartzean, oroimen mordo bat berehala pilatzen da. Luzia eta bere bapateko agerraldiak, lapiko bat eskuan, Santa Ana plazan, edozein bazkari herrikoian (sukaldari aparta zen eta). Bere etxeko sukaldean Luziarekin izandako solasaldi luzeak. Horrelako batean jakin genuen bere aita arotza izan zela, Maritrapurena bezalakoa, eta argia piztu zitzaigun. Maritrapu, Alde Zaharreko inauterietako pertsonai nagusia, neskatxa ausarta eta bizia zen, Joanes arotzaren alaba. Luziak, Maritrapu bezala, borrokatzaile hutsa, langile sutsua, bizitzari begietara begiratzeko ohitura zuen, eta bere irribarre bihurria ahoan, maitemindu gintuen.

Ez dakigu zenbatetan nahasi genuen; orain pregoia bota Nabarreriako balkoietatik, orain Euskal Jai gaztetxera Maritrapuz jantzita...Guztietara baietz, gehiegi pentsatu gabe, auzo-herri txiki honetan elkar ezagutzea lehenengoa delako eta, azterketa gaindituta, bide luzeak elkarrekin egiteko ohitura belaunaldiz-belaunaldi helarazten da.

 

Luziak ere josi egiten zuen. Beste gauza askoren artean, mandarrak. Guretako batzuk oraindik erabiltzen ditugu bereak. Denborak ematen duen ikuspegitik begiratuta, akaso gizakion ezaugarri bat nabarmentzen zen Luziarengan: zaintza. Luziak zaintzen gintuen. Bazkarietan espero ez zenuen jakia, behar zenuen mesedea, babesteko mandarra...

Eskerrik asko Luzia, eskerrik asko lagun, ama, amatxi, auzokide eta artisaua. Markok egiten zuen bezala, eta mundu zabala tarte, Luzia sortzaile bat zen; bertsogintzan, jostungintzan, sukaldaritzan...bizitzan. Lehor madarikatu honetan belardiak sortzen zituzten biok. Belardigileak. Ah ze ofizio ederra!

Auzoenea Komunitate Gunean, Aldapa kalean, ate nagusia pasata, badago kristalezko ate txiki bat. Hortikan pasatu zaretenok seguru askotan entzun duzuela barruko txalaparta, edo gaitaren soinu-motela. Hori da “Luzia Goñi musika gela”. Auzoak, aspaldian, bere omenaldi txikia egin zion. Hurrengoan, umeekin bere atetik pasatzean, Luziaren historia kontaiezue. Betirako babestuko gaituen mandarra jantzita, agur t'erdi Luzia, gure bihotzetan bego, lagun.

“Iru abratsek erosi zuten
ain maite dudan erria:
diru bait dira; agur arbolak!
t'agur, pobre den guzia.”
Luzia Goñi