Azken asteetan AZ Ekimeneko eta Alde Zaharreko Osasun Etxeko ordezkariak elkartu dira bi erakundeen arteko lankidetza garatzeko. Batzarrean, AZ Ekimenak bere helburu, baliabide eta lan ildoak aurkeztu zituen; Osasun Etxeko arduradunekin batera, egungo egoerak sortutako zenbait arazo eta beharrei heldu zieten; koordinazioa hobetzeko aldizkako bilerak proposatu zituen eta bi erakundeek antolatutako ekimenak ezagutzera emateko bakoitzaren informazioa zabaltzeko nor bere bitartekoak erabiltzeko aukera mahaigaineratu zuen.
Kalitatezko Lehen Arreta zerbitzu baten garrantzia izan zen batzarrean landutako beste gaietako bat, bertan, positibotzat jo ziren Nafarroako Osasun Plataformak sustatutako elkarretaratzeak. Alde Zaharrean, AZ Ekimenak modu aktiboan bat egin du kontzentrazioekin, hauek asteazkenero egiten dira “Osasun Etxea zaindu” lelopean. Auzoan, 60 pertsona inguru elkartu ohi dira deialdi horietan.
Azken hilabeteetan zerbitzuak izan dituen hutsune eta beharrei dagokienez, Osasun Etxetik aitortu zuten arreta telefonikoarekin arazo bat dagoela gainkargaren ondorioz. Egoera hori laster bideratzea espero dute, duela gutxi administrari postu berri bat sartu baitute. Gainera, Osasun Etxeko langileek coronavirusaren kudeaketaren inguruko hainbat berri helarazi zituzten, besteak beste, berehala hasiko direla froga azkarrak zentroan bertan egiten eta sarrera berri bat prestatuko dutela Kaldereria kalean. Hasiera batean, sarrera berria birusa antzemateko frogak egitera datozenak gainontzeko erabiltzaileekin ez elkartzeko prestatuko dute. Baina, behin osasun krisia bukatuta, asmoa da sarrera mantentzea. Horrela, erantzuna emango litzaioke auzoaren eskaera historiko bati, ate berriak irisgarritasuna erraztuko baitie gizarteko zenbait talderi.
AZ Ekimenarentzat, eragile ezberdinen arteko elkarlana funtsezkoa da auzo bizigarriago bat eraikitzeko. Horregatik, elkarteak Osaun Etxeari bien arteko koordinazio hobetzeko aldizkako bilerak proposatu dizkio. Bide horretan ari dira Auzo Unitatearekin lanean, zeinari hileroko batzarrak proposatu zaizkion elkarrekin koordinatzeko eta esperientziak partekatzeko.
Osasun Etxearekin koordinatzeko lana aurrera eramateko talde txiki bat sortuko da AZ Ekimenaren baitan. Talde horretan parte hartzeko interesa dutenek proyectoazekimena.az@gmail.com helbidera idatzi dezakete.
