Hil honen 7an utzi gintuzun, Iñaki, lagun ona. Duela urte askotatik Auzoeneara etortzen zinen maiz, ia egunero hainbat momentutan. Alde Zaharra maite zenuen, bertan bizi ez bazinen ere, baina jende gutxi zegoen zu bezala hain adi noiz ospatu behar ziren Auzoko Eguna, Inauteriak, kale ezberdinetako jaiak eta, zer esanik ez, San Fermin Txikikoak. Ospatu baino hilabete batzuk lehenago haien zain hasten zinen.
Axierrekin danborra jotzen ikasten zenuen, horrenbeste maite zenituen erraldoiekin jotzen nahi zenuelako. Bereziki konpartsa txikikoak, zure gustukoenak, eta, kalera ateratzen zirenean, arraroa zen zu ez egotea haien ondoan dantzan. Herri-bazkariak egiten genituenean, zure amarekin etxean bazkaldu ondoren, agertzen zinen gurekin kafetxo bat hartzeko eta jai-giroa ahalik eta gehien aprobetxatzeko, gero garaiz etxeratu behar zenuen eta. Auzoko irribarrerik handiena.
Edozein ekitalditan parte hartzea gustatzen zitzaizun, hor aurkitzen eta miatzen zenituen aldizkariak irakurtzea, kartel, eskuorri edo pegatina etxera eramatea “kortxoan jartzeko”… Beti prest parte hartzeko eta laguntzeko eta oso pozik sentitzen zinen edozein lanetan esku bat botatzean. Auzoeneako zale handiena.
Iñaki, gauza asko erakutsi diguzu. Bakoitzaren gaitasunak edozein direla ere, pertsona guztiengan pentsatu behar dugula ikasten joan gara, aniztasun hori dela, preseski, guztiak haztea eragiten diguna eta hori dela dugun erronka zentro komunitario herrikoia garen neurrian. Zure desgaitasunak ikastera, gure burua zalantzan jartzera eta elkarrekin haztera eraman gaitu.Hau izan da zure ondarerik hoberena.
Askotan bilerak egiten, jaiak antolatzen, auzoaz eta bere proiektuei buruz eztabaidatzen zentratzen gara, baina zuk gogoratzen zenigun inportanteena ere dela egon ahal izatea, elkarri laguntzea, elkarri irribarre egitea, baita maitemintzea ere. Hori guztia gabe, ezinezkoa izanen da nahi dugun auzoa izatea, non guztiak, etxean bezala, maitatuak, baloratuak eta babestuak sentituko garen.
Iñaki, beti izango duzu leku bat hemen, lagun.
2023-06-11
