Nafarroako Arartekoak Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuari eta Iruñeko Udalari idatzi bat igorri die, non bi entitateei iradokitzen dien batera Osasun Zentroaren irisgarritasuna hobetzeko irtenbide bat bilatu behar dutela, Calderería kaletik sarrera bat prestatuz. Idazkiak erantzuten dio AZ Ekimenak martxoan aurkeztutako kexari. Honetan, Nafarroako Gobernuaren eta Iruñeko Udalaren gelditasuna salatzen zen, Arartekoaren ustez, auzotar kopuru esanguratsuak babesten duen auzotarren errebindikazioaren aurrean.
Egun, Alde Zaharreko Osasun Zentroak Compañía Plazatik sarbide bakarra du eta adineko pertsonei edota mugikortasun-arazoak dituztenei sarrera zailtzen dieten hainbat oztopo ditu, hala nola, Curia kaleko aldapa edo CaldererÍa kaletik Compañía Plazan sartzeko eskailera aldapatsuak. AZ Ekimenaren Osasun Taldeak , 2021 urtearen hasieran, auzoko bizilagunen 476 instantzia aurkeztu zuen oztopo arkitektoniko horiek kentzeko eskatzen. Bizilagunek aurkeztutako proposamenak planteatzen du Calderería Kaletik Osasun Zentrora sarbide bat egokitzea eta horretarako baranda bat eta atezain automatiko bat jarri beharko lirateke.
2021 urteaz geroztik, bizilagunen eskaria administrazio batetik bestera pasatu da inolako konponbiderik gabe. Osasun Departamentuari (eraikinaren jabea) sarrera hobetzeko eskariak egin ondoren, Nafarroako Gobernuak erabaki zuen Iruñeko Udalari Calderaría Kaleko Osasun Zentroko ondoko ezkaratza lagatzea, Udalak sarrera hobetzeko ardura har zezan. Lagapen hori ez da inoiz gauzatu, Iruñeko Udalak ez baitu beharrezkoa ikusten eta uste du nahiko izango litzatekeela Calderería Kaleko atea Osasun Zentroko ordutegian irekita egotearekin, Nafarroako Gobernuari berriro erantzukizuna bidaliz. Honela ba, ez administrazio batek ez besteak ez du bere gain hartzen Alde Zaharreko bizilagunen eskaerei erantzuteko ardura. Bi urte baino gehiagoko eskakizunen, idatzien eta protesta, AZ Ekimeneko Osasun Taldeak egoera hau Nafarroako Arartekoari azaltzea erabaki zuen. Honek idatzi bat igorri du eta Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak gehienez ere bi hilabeteko epean erantzun beharko dute.
