Un barrio donde cabe el mundo / Munduari zabaltzen zaion auzoa

Txupinazoa, San Fermin Txikiko jaiak iragartzeko aukeratutako unea

Beñat Preciado Hernandezen “Jaietan bizi”, eta Arhane Lasa Jimenezen izenbururik gabeko lanak izan dira aurten irailaren 26tik 28ra ospatuko diren San Fermin Txikiko jaiak iragartzeko aukeratu diren kartelak. Bai Beñatek (15 urtetik gorakoen kategorian irabazlea), bai Arhanek (adin horretatik beherakoen kategorian irabazlea) txupinazoaren unea aukeratu dute haien diseinuen elementu nagusi gisa.

Aurten, Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako lehiaketara 36 kartel aurkeztu dira guztira, helduen kategorian 7 eta 15 urtetik beherakoen kategorian 29. Lan irabazleak sistema misto baten bidez aukeratu dira. Sistema horretan, 250 bat herritarrek parte hartu duten herri bozketa eta Jai Batzordeak eta adituek egindako balorazioak batu dira.

Jaietan Bizi
“Jaietan Bizi”, helduen kategoriako kartel irabazlean, txupinazoa islatu nahi zuen Beñatek, “auzo osoak bat egiten duen unea”. Horretarako, une horri buruzko hainbat aipamen sartu ditu bere lanean, hala nola Ura kilikia eta auzoko armarria osatzen duten elementuak. Iruñeko Arte Eskolan Erdi Mailako ikaslea, Aldezarreko aisialdi begiralea, eta Alde Zaharreko Erraldoien Konpartsako kidea da Beñat. Kartelen lehiaketetan ere maiz agertzen da: iaz ere San Fermin Txikikoan parte hartu zuen eta San Fermin eta Donibaneko jaietako lehiaketetara lanak aurkeztu ditu, bi aldiz irabazlea izanik azkeneko honetan. San Fermin Txikiko lehiaketaren irabazle gisa eskudirutan 400 euroko saria eta Santo Domingoko merkatuan gastatzeko 50 euroko baleak jaso ditu.

Kiliki bihurria
15 urtetik beherakoen kategorian irabazleak ere festen hasierako unea aukeratu du bere kartela prestatzeko. Arhanek 13 urte ditu, Iturramako Institutuan ikasten du eta Aldezarreko ekintzetan eta AZ Klubeko eskubaloi taldean parte hartzen du. Bere ustez, txupinazoa “eskolatik etorri eta gozokiak jasotzen genitueneko oroitzapen oso onak” dituen unea da. Bere kartela asmatu eta prestatzeari “gutxi gorabehera” astebete eskaini zion. Emaitza, xehetasun txikiz betetako lana, kartelaren izkina batetik izkutatzen den kiliki bat esaterako. Honen arrzoia: “kiliki bihurri samarra da eta ihes egin ohi du, horregatik bere tokitik ihes egin eta hor goian jarri dut”. Bere kartelagatik, jaien egitarauan iragartzen diren auzoko edozein saltokitan erabili ahal izango duen 100 euroko saria jaso du Arhanek.