Un barrio donde cabe el mundo / Munduari zabaltzen zaion auzoa

Hirigintza arautegia: azaroaren 14an mobilizatzeko deia

Azaroaren 14an Iruñeko Udaleko Osoko Bilkurak hirigintza arautegiaren (Plan Orokorra eta Alde Zaharra Babesteko eta Erreformatzeko Plan Berezia -PEPRI) azkeneko aldaketari buruz jardungo da. Honek behin-behineko bizilekuak, apartamentu turistikoak eta hostelak erregulatuko ditu eta inpaktu nabarmena izanen du Alde Zaharrean. Presazko arautegia dugu hau, sobera permisiboa, herritarren parte-hartze prozesurik gabe landu dena eta zeinari UNZUko megahostelaren inposizioa gehitzen zaion. Dirudienez, aurki onartuko dute arautegi berria. Hori salatzeko, heldu den azaroaren 14an, 19:00etan, Udaletxe Plazan mobilizatzeko deia egiten du Bizitzeko Alde Zaharra kolektiboak.

Azaroaren 14ko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den arautegi honen aldaketak eraikinetako lehenengo solairuetan pisu turistikoak jartzea ahalbideratuko du, baita bloke osoko ostatu turistikoak irekitzea ere, etxadi osoaren %25era ez bada iristen. Erregulazio honen egiazko ondorioak agerian uzteko, Bizitzeko Alde Zaharrak auzoko mapa bat sortu du zeinetan ostatu turistikoak bilakatu daitezkeen eraikinak nabarmentzen ditu, arautegi berri honek ahalbideratuta. Mapa auzoak jasan ditzakeen ondorioen adibidea da. Alde Zaharrean 5,4 biztanleko plaza turistiko bat dago. Gainontzeko auzoetan berriz, 38 biztanle daude plaza bakoitzeko.

Bizitzeko Alde Zaharrak garrantzizkoa ikusten du arautegi permisibo honen ondorio zuzenak nabarmentzea, hala nola, alokailuen prezioen igoera, espekulazio inmobiliarioa eta hirian jada existitzen den gentrifikazio prozesuaren bulkada. Alde Zaharra auzo bizia da: gertuko merkataritza, bi eskola, merkatua eta bertan bizi nahi duen auzokidez betetako tokia da. Beste Alde Zahar batzuetan galdu ditzuten ezaugarriak mantentzen ditugu oraindik. Ezaugarri horiek kanpotik datozenekin partekatzen ditugu eta etorkizunean mantentzea dugu helburu.