Un barrio donde cabe el mundo / Munduari zabaltzen zaion auzoa

“Auzoa eraikitzen” eta txupinazoko akuarela bat, aurten San Fermin Txiki iragartzeko aukeratuak

“Auzoa eraikitzen”, 15 urte baino gehiagoko kategorian, eta txupinazoa islatzen duen izenbururik gabeko kartela, txikien kategorian azkeneko hau, irailaren 23tik 25era ospatuko den San Fermin Txikiko jaiak iragartzeko autatutako kartelak izan dira. Lehenengoa, Ander Aranguren eta Ekhi Iragiren lana, eta bigarrena berriz, Ekhiotz Arberena.

Oraingo honetan, bi urtetako nahitaezko geldiunearen ondoren, Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako lehiaketan 23 kartel aurkeztu dira, 7 helduen kategorian, eta 16 txikienean. Guzti hauek, bost egunez Santo Domingo merkatuan egon dira ikusgai, non auzoko bizilagunek bozkatzeko aukera izan duten.

 

Auzoa eraikitzen

15 urte baino gehiagoko kategoriaren barne egon den “Auzoa eraikitzen” kartelarekin, Ander Arangurenek eta Ekhi Iragik “Alde Zaharra eraiki duten edota eraikitzen jarraitzen duten kolektibo eta guneei omenaldi txiki bat” egin nahi izan diete. “Jai herrikoi batzuentzako” kartela, non, Nabarreriako plazan kokatutako helbide zutoin batek, Alde Zaharrak duen sare asoziatiboa islatzen duen.

Kartelaren lanketak prozesu neketsua izan du. Lehenengo, azken emaitzara heldu aurretik, bertan zer adierazi pentsatzea izan zen. Ondoren, nahi zuten ikuspuntua lortu arte hainbat argazki atera, zirriborro, kolore froga, eta azkenik behin betiko kartela “diseinu grafikoko tableta eta ordu askoren ondoren iritsi zen” azaltzen du Anderrek. “Gainera, azken momentuan amaitu genuen: azken egunean zortzi ordu inguru egon nintzen marrazten, gosaldu ere egin gabe”.

Lehenengo aldia da Anderrentzat San Fermin Txikiko kartel lehiaketa irabazten duela. Ekhirentzat berriz, ez: aurreko edizioetan parte hartu izan du eta baita irabazi ere, txikien kategorian. Sariaren erabilera, 350 euro eskudirutan eta veste 50 euro merkatuan gastatzeko, argi dute: dirua banatu, eta merkatuko txartelarekin, kuadrilarentzat barbakoa bat ospatuko dute.

Txupinazoa Aldapako San Ferminetik

Ekhiotz Arbek, 2019an ere irabazle izandakoak, saria errepikatu du, 15 urte beherakoen kategorian, Aldapako San Fermin elizatik botatzen den txupinazoaren unea islatzen duen akuarela batekin. “Txikia nintzenean alkate txiki izan nintzen eta izugarri gustatu zitzaidan esperientzia hura; horregatik islatu nahi nuen kartelean” dio. Bere kasuan ere, kartelaren prestakuntzak denbora behar izan du: hainbat egun zirriborroa egiteko eta beste bat akuarelekin koloreztatzeko.

Ekhiotzek, 14 urtetakoa, lehiaketa honetan eskarmentu handia du, “txikitatik” parte hartu baitu. Bere proposamenagatik 100 eurotako saria irabazi du, jaietako programan iragartzen diren komertzioetan gastatzeko, eta bere lagunak gonbidatzera zuzendua egongo da.