Un barrio donde cabe el mundo / Munduari zabaltzen zaion auzoa

Konpartsa txikia ateratzeko baimena ukatu du Udalak

Aldezar Elkarteko erraldoi txikiek 25 urte bete dituzte eta ospatzeko Alde Zaharreko kaleetatik atera behar ziren azaroaren 19ko goizean. AZ Sare Komunitarioaren barruan dagoen kolektibo honek hiru hamarkada daramatza Iruñeko Alde Zaharrean aisialdiko hezkuntza komunitarioan lanean eta jarduera hori egin ahal izateko dagokion baimen-eskaera egin zuen Udalean. Udalaren erantzuna ezezkoa izan da eta baimena ukatzeko espazioaren saturazioan eta auzokideen kexetan oinarritu da.

Alde Zaharrak eta bere auzokideek urteak daramatzate espazio publikoaren pribatizazio eta auzo-ereduaren hondatzearen prozesu bizi baten ondorioak pairatzen, prozesua Iruñeko Udalak bultzatu eta sostengatutakoa. Eguneroko jarduerak garatzeko espaziorik falta; Alde Zaharrak jasaten duen ekitaldi-saturazioa; kontsumoan oinarritutako aisialdia eta honelako auzo-ereduaren aldeko apustua, eta horrek guztiak bizilagunengan sortzen duen ezinegona Udalak erabiltzen ditu orain auzokideei auzoa egiteko beren kaleak erabiltzea eragozteko, eta ez negozioa.

AZ Sare Komunitarioak uste du erabaki horrekin Iruñeko Udalak modu gaiztoan erabiltzen duela bizilagunen ezinegona, interes ekonomikoetan oinarritutako Alde Zaharra baten alde egindako apustua berresteko eta, berriz ere, auzo-mugimendua zigortzeko. Horrela, Alde Zaharrean auzo-taldeek bultzatutako ekimenek behin eta berriz izaten dituzten isun eta trabei, azken asteetan, Aldapako San Fermin jaiei diru-laguntza kentzea eta, orain, auzoko txikiek erraldoien konpartsaren urteurrena kalean ospatzeari uko egitea gehitu zaizkie.

Urriaren amaieran, AZ Sare Komunitarioak auzoko jardunaldiak egin zituen eta, bertan, joan ziren auzokideekin batera, urtean zehar sare komunitarioaren lana bideratuko duten lehentasunezko ildoak zehaztu ziren. Horien artean dago espazioaren pribatizazio egoera eta Alde Zaharrak jasaten duen ekitaldien saturazioa aldatzeko apustua. Honi ekiteko, plan bat egiten ari da, besteak beste, auzoaren erabilera egokirako protokolo bat sortzea jasoko duena. Alde Zaharreko kaleetan lan egiten duten kolektibo eta erakundeei helaraziko zaie protokoloa, eta besteak beste, ordutegiak, zaratak eta hondakinen sorrera jorratuko dira.