Alde Zaharrean pediatria arreta berrezartzea lortu zuen instantzia bilketa masiboa eta gero, AZ Ekimeneko Osasun taldeak auzoko Osasun Etxearekin elkarlanean jarraitzen du, bi erakundeen arteko koordinazioa hobetzeko eta sortu daitezkeen beharrei erantzuteko, besteak beste, osasun instalaziora sartzeko dauden arkitektura oztopoak kentzea.
Elkarlan horretan, AZ Ekimeneko ordezkariak Osasun Etxeko gizarte langilearekin bildu ziren, taldearen helburuen eta haren lankidetza borondatearen berri emateko. Hala nola, hurrengo gaien informazioa helarazi zuen taldeak: taldearen lana auzoaren osasuna hobetzeko, pediatra gabezia konpontzeko aurrera eramandako ekimenak, Aldezarrek auzoko ume eta gazteekin egiten duen lana eta Osasun Etxeak AZ Ekimeneko web orrialdea bere ekintzen berri emateko erabiltzeko aukera. Taldeak baita ere adierazi zuen Osasun Etxea eta auzoaren arteko harremana estutzeko duen asmoa eta eskatu egin zuen Alde Zaharrean Osasun Kontseilua sor dadila, Iruñeko beste auzo batzuetan egin den bezala.
