
2008an, lagun batek engainatuta, Pepa iritsi zen Iruñera Castillo de Javier hotelean lan egiteko. Hemen sei urtez esplotatu zuten lanean. Emakumea, migratzailea, ezegonkorra eta hizkuntza ezagutzen ez zuena, sei urte eman zituen lanegun etengabeetan, egunez eta gauez lan egiten, asteko egun guztietan. Egoera salatu zuen eta aste honetan jakin dugu epaia: bederatzi hilabeteko kartzela-zigorra eta 3.000 euroko kalte-ordaina nahikoa dira sei urtetako esklabolana amaitutzat jotzeko.
Peparen kasua diskriminazio-faktore guztiak nola gurutzatzen eta elkarketzen diren erakustek adibide garbia dugu. Halaber, adibide bat da ikusteko zerbitzuen, zainketen eta garbiketaren etnifikazioak nola laguntzen duen langileen kontrako gehiegikeriazko jarduerak zabaltzen.
Pepa Alde Zaharrean esplotatu zuten. Sei urtez. Eta ikusezina izan zen sei urte horietan. Ezin dugu hau onartu. Eta ez dugu onartu nahi, ez ikusiarena egiteak konplize bihurtzen gaituelako. Auzo-sareek indarkeriaren adierazpen horiek zelatatzeko, laguntzeko eta haien aurka borrokatzeko konpromisoa berresten dugu. Auzo-sareak indartzea ezinbestekoa da esplotazioegoerak detektatzeko eta horiei aurre egiteko, eta argi uzteko, baita hurbilago ditugunei ere, denak ez duela balio.
Pepak salatu egin zuen. Eta beste arrazoi bat eman zigun sistema kapitalistaren indarkeria mota guztien aurrean antolatzeko. Ez gara zaurgarriak, gure eskubideak zaurtzen dituzte. Ez gara prekarioak, prekarioak egiten gaituzte. Ez gara zifrak, ezta eskulan esportagarria ere. Ahots gehiago behar dugu esplotazio-egoerak ikusarazteko eta salatzeko, berak egin zuen bezala. Gure borrokak kolektibizatu eta guztiengana iristeko sareak egin behar ditugu, pertsonen eskubideak urratzen jarrai ez dezaten, auzoan eta edozein lekutan.
AZ Ekimena
Sos Arrazakeria Nafarroa
