Un barrio donde cabe el mundo / Munduari zabaltzen zaion auzoa

Alde Zaharreko osasun-zentroan oztopo arkitektonikoak kentzeko zailtasunek jarraitzen dute

Urtarrilaren 25ean, AZ Ekimeneko osasun-taldeko ordezkariek Alde Zaharreko bizilagunek sinatutako 475 eskabide aurkeztu zituzten Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, pediatriako plazak betetzeko eta auzoko osasun-zentroko sarbidean oztopo arkitektonikoak kentzeko eskatuz. Pediatraren eskaera konpondu zen. Osasun-zentroaren irisgarritasunarenak, berriz, lau hilabete geroago jarraitzen du erantzunik gabe. Baita Iruñeko Udalak ere aho batez onartu zuen Osasun Sailarekin batera aurrera egitearen aldeko adierazpena, lanak arintzen saiatzeko, oraindik hasi gabe daudenak.

Egoera horren aurrean, osasun-taldeak bilera bat eskatu zuen Osasun Departamentuko Oinarrizko Osasun Laguntzako Gerentziarekin eta maiatzaren 12an, taldeko bi lagun elkartu ziren Kudeaketa Ekonomikoaren eta Oinarrizko Osasun Laguntzako Zerbitzu Orokorren arduradunarekin, Joaquín Perfecto San Miguel, kontzentrazio batek Osasunbideko egoitzaren aurrean konponbidea eskatzen zuen bitartean.

Bileran osasun-taldeko ordezkariei txosten arkitektoniko baten berri eman zitzaien, osasun-zentroan Kaldereria kaletik sartzeko aukera baztertzen duena. Txostenak, otsailaren 5eko datarekin eta osasun-taldeak ezagutzen ez zuena, bi eragozpen planteatzen ditu: batetik, arrapala bat egotea, eta, bestetik, osasun-zentroan mantentze-lanetarako aparkatzeko plaza txiki bat libre edukitzeko beharra, sarbide berria ireki eta igogailu bat jarriko balitz desgaituko litzatekeena. Osasun-taldeko kideek txosten horren kopia eskatu bazuten ere, ez zitzaien eman.

Egoera aztertzeko, maiatzaren 18an taldea osasun-zentroko zuzendariarekin, zentroko gizarte-langilearekin eta aldez aurretik zuzendaritzarekin eraikinera sartzeko aukerak aztertu zuen arkitekto batekin bildu zen. Bilera hartan ondorioztatu zen Osasunbidearen argudioekiko alternatibak badirela, eta horregatik erabaki zen, sakon aztertu ahal izateko, txosten arkitektonikoa berriz eskatzea. Hala, osasun-taldea Oinarrizko Osasun Laguntzako Zerbitzu Orokorren arduradunarekin harremanetan jarri zen txostenaren kopia eskatzeko, baina, berriz ere, ez zaio eman: txosten muriztu bat baino ez du jaso, oztopo arkitektonikoak kentzeko lanak ez ekiteko arrazoiak azaltzeko.

Trabak izan arren, osasun-taldeak osasun-zentroko arduradunekin eta arkitektoarekin batera bildu eta lan egiten jarraituko du, osasun-zentrorako irisgarritasuna egoera hobetzeko konponbide bat lortu nahian.. Eta lanean jarraituko du, halaber, osasun publikoaren defentsan eta pribatizazioen eta herritarrentzako zerbitzuen eta lanpostuen prekarizazioaren aurrean.