
San Fermin Txikiko festak hasi baino bi egun lehenago, dagoeneko kontratatuta eta festen egitarauan iragarrita zeuden hainbat ekitaldi antolatzeko debekua jakinarazi die Iruñeko Udalak Alde Zaharreko hainbat lokalei. Azpimarratzekoa da ekitaldi horiek aurreko urteetan ere antolatu izan direla, inolako oztoporik gabe. Baimena ukatu zaie Zabaldi, Krawill, Arrano, Garazi, Aiztzina, Laba eta Zaldikon egitekoak ziren jarduerei (karaokea, DJa, kontzertuak…)
Azken urteetan, auzokideen, eragileen eta hainbat lokalen artean adostasunetara iristeko lan egin du Alde Zaharreko Jai Batzordeak, irizpide komun batzuen baitan auzokideen festarako eta aisialdirako eskubideen artean oreka bilatuko zuten ekitaldiak antolatzeko, horretarako ordutegiak, zaratak eta bestelakoak doituz. Udalak jakinarazitako debekuek auzoarentzat garrantzitsuak diren hainbat gune zigortzea dakar, udal horrek berak, urtean zehar, auzokideontzat askoz kalte handiagoak eragiten dituzten ekitaldiak baimendu eta are bultzatzen dituen bitartean, zaratak eta zikinkeria sortuz, eta auzokideon deskantsuan eraginez.
Jai Batzordeak, ekitaldi horiek aurreikusita zeuden bezala antolatu ahal izateko konponbide bat bilatu dezan eskatzen dio Udalari, orain dela egun batzuk Alde Zaharrean komun eramangarriak jartzeko eskariarekin egin bezala. Aldi berean, Udalarekin eta festetan parte hartzen duten gainontzeko eragileekin biltzeko eta adostasunak bilatzeko prestutasuna berretsi nahi du Jai Batzordeak, orain arte beti egin duen bezala.
Alde Zaharreko Bizitzak Erdiguneraren kalejira, baimenik gabe
Alde Zaharreko Bizitzak Erdigunera taldeak bihar arratsaldeko 18:00etan azarorako deitua dagoen “Zaintza greba feminista orokorra” kaleratzeko antolatutako kalejira ospatzeko trabak ere jasan ditu. Gobernu Delegaritzari baimena eskatuta, festetako jendetza dela eta ibilibidea Iruñeako erdigunean izan behar zuela erantzun zieten, ekimena auzotik kanporatuz. Horren aurrean, arazoari irtenbidea ematen zion eta deialdia auzoan mantentzen zuen bigarren proposamena egin zioten eta hau ere ukatu egin zuten. Horren aurrean, ordu berean, auzoko argazkia egingo dute.
Deialdiak
- Irailaren 23an, larunbata, Udaletxe Plazan
Dantzazoroa plazan! San Fermin Txikiko kultur ekimenak defendatzeko - Irailaren 23an, larunbata, 18:00etan Auzogunen
Alde Zaharreko Bizitzak Erdiguneraren auzo argazkia
