Alde Zaharrak auzoko festak ospatuko ditu irailaren 22tik 24ra. Horretarako, jarduera herrikoi, partehartzaile, integratzaile, berdinzale eta euskaldunez betetako egitaraua osatu du. Beste behin ere, Alde Zaharreko Jai Batzordearen lanari esker aterako da aurrera, hainbat eragile, auzokide, denda eta tabernen laguntzarekin.
Auzotik auzora egindako festak dira San Fermin Txikikoak, bertan bizi diren pertsona guztientzako jarduerez beteak. Aldi berean, hiri osotik Alde Zaharrera jendetza dakarten festak ere badira. Horrek auzoan eragin ditzakeen eragozpenak gutxitzeko, Auzogunearen aldeko apustua egingo du berriz ere Jai Batzordeak. Santo Domingoko baratzeetako gune horrek, izan ere, auzoko beste eremu batzuk arintzeko aukera emango du. Auzokideon presioari esker Iruñeko Udalak festetan zehar komun eramangarriak jartzeko konpromisoa hartu duen honetan, Jai Batzordeak bereziki nabarmendu nahi du kaleak, atariak eta auzoan bizi diren pertsonak errespetatzeko deia, zaratak eta zikinkeria saihestuz, eta horretarako egokitutako tokietan bakarrik pixa eginez.
Auzokide guztiontzako jarduera herrikoiakUdalbatza Txikiak emango die hasiera jaiei, Auzogunearen inaugurazioarekin, irailaren 21eko, osteguna, arratsaldean, eta irailaren 22ko, ostirala, eguerdiko txupinazoarekin, Corazonisten plazan. Suziriaren ostean, erradoi txikien konpartsa aterako da, Auzogunean puzgarriak izango dira, eta aperitibo eta bazkari hainbat egingo dira auzoko puntu ezberdinetan. Arratsaldean, haurren pilota txapelketako finalak eta Alde Zaharreko kirol txapelketa jokatuko dira. Aldi berean, ostiral arratsaldez, auzoko kaleak zeharkatuko ditu Alde Zaharreko erraldoien konpartsak, kilikiekin batera. Gauez, zezensuzkoa izango da, eta kaleetako afariek eta musika emanaldi eta kontzertu ezberdinek osatuko dute festen lehen eguneko egitaraua.
Larunbata joaldunekin abiatuko da, eta Alde Zaharreko erraldoien konpartsa Baigorriko erraldoiekin batera ariko da kalez kale. Goizean zehar, “San Fermin Txiki Ados pilota erronka” jokatuko dute neska pilotariek Mañuetako frontoian, eta hainbat taldek musika eta dantza aterako dute kaleetara. Eguerdian, Santa Ana plazan kaldereteak prestatzeko aukera izango da, baina izango dira bestelako bazkari herrikoiak ere. Arratsaldean musika, haurrentzako Jarduerak eta pilota txapelketako finala izango da Mañuetan, eta gauez musika izango da Auzogunean, bai eta Alde Zaharreko beste hainbat taberna eta gunetan ere. Zalapartatik urrundu nahi duenak “Apymarrika Tropikala” bezalako aukerak izango ditu eskura: bertan, Piparrika auzo baratzean, merienda, animazioa eta aurpegien margoketa egongo dira besteak beste, espazio lasai batean.
Igandean segituko dute festek: San Jose plazan artisautza azoka izango da, eta han kokatuko da pertsona errefuxiatuen txokoa ere. Aldapako San Ferminen prozesioak ere auzoko kaleak ibiliko ditu, eta jota jaialdia izango da Nabarreria plazan. Arratsaldez, Alde Zaharreko erraldoi eta kilikien konpartsa aterako da azken aldiz, eta 19:00etan, orga zezentxoen elkarretaratzea izango da Santo Domingo aldapan. Horren ostean, 20:00etan, hirugarren haur entzierroa abiatuko da Corazonisten plazatik, eta 20:30ean azken zezensuzkoa.
