Un barrio donde cabe el mundo / Munduari zabaltzen zaion auzoa

Alkategaiek Alde Zaharrerako dituzten proposamenak azalduko dituzte maiatzaren 9ko mahai-inguruan

Asteartean, maiatzaren 9an, Alde Zaharreko bizilagunek zuzenean ezagutu ahal izanen dute, besteak beste, ekitaldien saturazioa, espazio publikoaren okupazioa, etxebizitzaren eskuratzea edota turistifikazioaren aurrean udal hauteskundetara aurkezten diren talde politikoen proposamenak. UPNko (Cristina Ibarrola), EHBilduko (Joseba Asiron), PSNko (Elma Saiz), Geroa Baiko (Koldo Martínez) eta Zurekin Nafarroako (Txema Mauleon) zerrendaburuek eta PPNko zerrendako bigarrenak (Carmen Alba) Nahiko AZ taldeak (AZ Sarean integratuta) antolatutako topaketa honetan parte hartuko dutela baieztatu dute. Mahai-ingurua 19:00etan izanen da, Descalzos kaleko 56. zenbakian dagoen erabilera anitzeko aretoan (igogailuaren eraikinean).

Mahai-ingurua Aritz Agirre kazetariak dinamizatuko du eta bertan hiru bloke tematiko landuko dira, hiruak gaurkotasunari eta Alde Zaharreko bizilagunen bizi-kalitateari oso lotuta. Lehenengo blokean auzoan ekitaldien eta ostalaritzako establezimenduen saturazioa bezalako alderdiak jorratuko dira. Bigarrenean, espazio publikoaren okupazioa, ostalaritzako terrazak eta kirol-espazioen eta plaza estali baten falta. Hirugarren blokean pisu turistiko erregulaziorako, garai bateko Unzuko eraikinean egiten ari den hostel kasurako eta hutsik dauden udal- etxeetarako talde politiko ezberdinen planei buruz hitz egiteko izanen da. Tarte bat ere egonen da publikoaren galdeetarako , ahoz nahiz idatziz egin ahalko direnak.

Ostalaritzako establezimenduen dentsitate oso handia, hiriko apartamentu turistikoen erdia baino gehiago Alde Zaharrean egotea, aisialdiko jarduerak eta auzoan bizi diren pertsonekin zer ikusirik ez duten ekitaldiak egiteko etengabeko kale eta plazen okupazioa edo espazio publikoaren etengabeko pribatizazioaren prozesua dira aspalditik Alde Zaharreko hainbat kolektibok salatu dituzten errealitateetako batzuk. Hau izan zen AZ Sare Komunitarioak urrian egin zituen auzo-jardunaldietako gai nagusietako bat. Jardunaldi horietatik Nahiko AZ taldea sortu zen. Honek ibilbide-orri bat eta ekintza-programa bat egin ditu. Dagoeneko, programa horren hainbat ekintza abian jarri dira, hala nola, “Alde Zaharra ez dago salgai” edo “Tardes a la fresca”.

Noiz eta non: 

  • Maiatzaren 9, asteartea, 19:00
  • Erabilera anitzeko aretoa – K/Descalzos 56 (igogailuaren eraikina)

Parte-hartzaileak:

  • Cristina Ibarrola (UPN)
  • Joseba Asiron (EHBildu)
  • Elma Saiz (PSN)
  • Koldo Martínez (Geroa Bai)
  • Txema Mauleón (Contigo Navarra)
  • Carmen Alba (PPN)

Argazkiak: Ekinklik