Bi kartel aukeratu dituzte irailaren 22tik 24ra bitarte ospatuko diren San Fermin Txikiko festak iragartzeko. 15 urte edo gehiagokoen kategorian, “Batzen gaituena” izeneko lana aukeratu dute, Ander Arangurenek egina. Hortik beherako txikien sailean, Markel Lazkanok egindako akuarela koloretsu bat izan da hautatua. Su artifizialak ageri dira izenbururik gabeko lan horretan.
Aurten, 36 kartel aurkeztu dituzte Alde Zaharreko Jai Batzordeak antolatutako lehiaketara, 11 15 urte edo gehiagokoen kategorian, eta 25 15 urtetik beherakoenean. Horien artean, kategoria bakoitzeko sei hautatu zituen lehenik Jai Batzordeak. Aukeratutako lanak lau egunez egon dira ikusgai Santo Domingoko azokan, eta hain izan dute aukera auzoko bizilagunek irabazleen alde bozkatzeko.
‘Batzen gaituena’, jendearen omenez
Festek kohesio elementu gisara duten papera nabarmendu nahi izan du Ander Arangurenek “Batzen gaituena” kartelarekin. Hura izan da 15 urtetik gorakoen kategorian irabazle. Haren esanetan, festek “jende elkartzen dute, ikasturte osoan zehar luzatzen den proiektu komun baten alde lan egiteko”. Hori islatzeko, hainbat pertsona irudikatu ditu kartelean, Alde Zaharreko armarria osatzen duten lau puzzle pieza eusten. 2022an ere irabazi zuen Anderrek kartel lehiaketa, eta orduan, Nabarreriako plaza erakutsi zuen, hutsik. “Gainetik kendu nahi nuen orduko hura –dio-. Iazko kartela kolektiboen aldeko omenaldia zen, eta aurtengoa, jendea omentzekoa”. Bere kartelean bada beste omenaldi bat gainera: Gazteon memoria leloak “dagoeneko ez dagoen auzoko pertsona” bat gogorarazten du. “Niretzat garrantzitsua zen kartelean islatuta agertzea”.
20 bat ordu eskaini dizkio Anderrek kartela prestatzeari: “Ez dira izan nahiko nituzkeen guztiak, baina larri nabil denboraz”. Lehenbizi papereko hainbat zirriborrotan bildu zuen ideia, eta gero diseinu grafikorako tablet batean garatu zuen lana, digitalki. 400 euroko saria irabazi du eskudirutan, eta baita 50 euroko txartel bat ere, Santo Domingoko azokan erabiltzeko. Leioako Arte Ederren fakultateko bigarren mailako ikaslea izanik, argi du saria zertan inbertitu: “Ikasturte hasierarekin pixka bat laguntzeko baliatuko dut”.
Su artifizialen akuarela
15 urtetik beherakoen kategorian, 8 urteko Markel Lazkano izan da irabazle. Koloretako akuarelak eta pegatinak erabilita, su artifzialen irudi bat islatu du izenbururik gabeko kartelean. Aldezar elkarteak udan antolatzen duen ludotekan parte hartu zuen Markelek, eta han prestatu zuen kartela, “ordu erdian edo”. Lehenbiziko aldiz hartu du parte aurten lehiaketan, eta aitortu duenez, sorpresaz harrapatu du sariak: “Ez nuen espero”. “Pozik” dagoela esan du, baina azpimarratzen duenez, ez zitzaion gehiegi axola irabazi ala galtzeak. Festetako programan iragarrita dauden auzoko edozein dendatan erabiltzeko 100 euroko bonua irabazi du Markelek. Oraindik ez du erabaki zer erosi.
