Iruñeko Udala ez da San Fermin Txikiko festak iraun bitartean Alde Zaharreko kaleetan komun mugikorrak jartzeaz arduratuko. Hala jakinarazi dio Alde Zaharreko Jai Batzordeari. Auzoko kale eta etxeetako atariak pixaleku bihurtuta ikusteak auzokideen artean ondoeza sortu du, eta, azken sanferminetan higiene faltak egoera larria eragin zuen Alde Zaharrean, baina Jai Batzordeak arazoari konponbide bat bilatzeko egindako saiakerak ez du fruiturik eman, eta Udalak uko egin dio hiru egunetan zehar hainbat puntu zehatzetan pixalekuak kokatzeko konpromisoa hartzeari.
Abuztu hasieran jarri zen Alde Zaharreko Jai Batzordea Udalarekin harremanetan, San Fermin Txikiko komunen arazoari heltzeko asmoz, eta egun horietan zehar Alde Zaharrera hurbiltzen den jendetzak eragindako arazoak gutxitzeko borondatez. Irailaren 5ean, komunak kokatzeaz ez dela arduratuko adierazi zuen Udalak, San Fermin Txikirako gainontzeko auzoetako irizpide berdina mantenduko duela esanez. Irizpide horren arabera, Iruñeko Udalak ez du auzoetako festetako komun mugikorren instalazioa kudeatzen ez ordaintzen, Jai Batzordeen gain utziz ardura hori. Horrek koste handia du, eta are gehiago murrizten du Jai Batzordeek ekintzak antolatzeko duten aurrekontu urria, erabat mugatuz kokatu daitezkeen komunen kopurua.
Udalak osasungarritasun arazo bati aurre egiteari uko egin dio, eta horrek erabateko eragina du Alde Zaharreko higienean eta bizi kalitatean. Horren aurrean, protesta elkarretaratze bat antolatu du Alde Zaharreko Jai Batzordeak, heldu den ostegunean, hilak 14, 19:00etan Udaletxe Plazan. Era berean, elkarrizketak mantenduko ditu batzordeak udal talde politiko ezberdinekin, arazoari konponbide bat eman asmoz. Azkenik, eta azken urteetan egin bezala, kontzientziazio kanpaina bat jarriko du martxan San Fermin Txikiko festetan behar, auzoan eta bertan bizi diren pertsonekiko errespetua sustatuz.
ELKARTARATZEA
- Irailak 14, osteguna, 19:00etan
- Udaletxe plazan
